Orain dela urte batzuk ekin zion
Joan Mari Irigoienek proiektu luze eta mamitsu bati: "Orbetarrak" trilogiari. Horren lehen emaitza iaz kaleratu zen, 2008an:
Bestea da mundua, Nazario Orbe eta Regina Aldasoro protagonistak ezagutarazi zizkigun eleberri mardula, hain zuzen ere. Haren jarraipena ezagutu nahi, edo zuzenean familia honen bizikizunetan murgildu nahi duenarentzat, hona orain
Haragiaren gauak eta egunak.
Teofilo Maria, Damaso, Domingo, Maria Bibiana, Gabino eta Ada, horra Orbetarren etxeko semealabak, Nazario eta Reginaren askazia jarraitzera datozenak: sinesmen zindo eta oinarri sendoenetan finkatutako sendia… baina eraikuntzarik gotorrena ere kordoka daiteke, halako batean.
Orbetarren sagako bigarren liburukian, protagonisten nortasun eta berezitasunak ezagutuko ditugu, bakoitzaren ametsak eta ekintzak, nahiak eta ezinak, eta, etxekoen gorabeheren bitartez, XX. mende hasieratik 36ko gerrara bitarteko mugimendu eta gertakarien lekuko bihurtuko gara.
Joan Mari Irigoienek gonbidapen berezia egiten digu irakurleoi, bidaia narratibo luze honetan partaide izan gaitezen, bertako pertsonaien abenturetan barneratuta haien bizipen eta sentipenen kide sentituko garelakoan.