Aitor eta Joana bai eta ez, ez eta bai dabiltza telefonoz, beren arteko harremana konpondu ezinik: Joanak maite du, baina pikutara bidali nahi du; Aitorrek, berriz, eutsi nahi dio Joanari, baina ez du galdu nahi Irati. Joana zentzudunagoa da, maitakorragoa; Irati, aldiz, sexiagoa eta ausartagoa.
Horraino gaztetxoen arteko harreman sentimentalei buruzko nobela bat dirudi, askoren arteko beste bat. Forman, baina, zerbait berria asmatu du Antton Kazabonek: izan ere, lehenengo eleberri telefonikoa asmatu duela esan liteke (euskaraz behintzat orain arte ikusi ez den gauza). Joanarekin hitz egiten ari dela, Iratiren deia jasoko du Aitorrek; batari zain egoteko esan eta bestearekin mintzatuko da, baita alderantziz ere geroxeago, sakelakoaren baliabideei esker. Komunikazio-modu berriak eskaintzen dizkigu teknologiak, baina betiko martingala zaharrak darabiltza hemen ere mutilak, Kazabonek, gaztaroko arazoen ezagutza trebez, erakusten digun moduan.