|
Erreseina
Airea eta argia sartzeko zabaltzen ditugu leihoak, barruko espazioek arnasa har dezaten. Leihoetatik kanpora ateratzen dira gure gogoak eta fantasiak, munduan zehar bidaiatzera.
Villabonako LAIN talde gaztearen bigarren lanak, aurkezten diguten kantetako batek dioen moduan, leihoak irekitzen ditu, barruko desira biziak gogoz irten daitezen, txori batek bere askatasunerantz egingo lukeen bezala. Leihoak zabal mantentzen ditu lehen kantatik amaiera arte, munduaren ontasunak barne-bide zuzena egin dezan. Horrelakoa da taldea, eta horrelakoa da LEIHOAK bere disko berria, aurreneko konpasaren lehen txinpartarekin batera, alaitasun sentikorraz kutsatzen gaituelako. Diskoa entzunda, argiaren koloreak, euriaren osteko ortzadarraren modura, gure bihotzean hedatzen dira. Ohartu gabe, kantatzeko, dantzatzeko eta sekulako bizitzeko gogoa sortzen da gugan. Abestiek berehala lortzen du gure kide bilakatzea, erraz, eta, konturatu gabe segur aski, musikaren benetako balioa aurkitu dute, laguntzeko eta aldean izateko eginak baitira. Taldekideak gazteak dira, baina euren kasuan gaztetasuna ez da adin kontu soila, jarrera bat baizik, segur aski euren bizitzan zehar mantenduko dutena. Oso disko heldua eta eraginkorra egin dute, intuizioa eta lana izan dituzte oinarri. Prestakuntza handi baten ondorioz, eta inguruko profesionalengan konfiantza osoa izanik, kanten sorkuntzan buru-belarri sartu dira azken bi urteotan, egunetik egunera hobetzeko urratsak emanez, beti buelta bat gehiago, beti pauso bat gehiago, argirantz, airerantz, askatasunerantz. |
||