Elkar albisteak iruditan
Eñaut Elorrieta "Deserriko kantak" maiatzan kalean
Eñaut Elorrieta kantariaren bakarkako lehen lanak “Deserriko kantak” izenburuarekin ikusiko du argia datorren maiatzaren hasieran.
Deserria ez-lekua da. Han izanik hemen, edo hemen izanik han izatea. Deserria bada bakardadea eta biluztasuna, bada sentimendu babesgabeen kontakizuna. Baina norbere burua berrasmatzeko aukera ere bada, geografia berrietan saiatzekoa. Badira desterratuak Arestiren Aitaren etxean, Sarrionandiaren memoriaren mapetan eta handik kanpo. Norberaren gorputzetik exiliatuak ere badira. Etxerako bidea ahaztu dutenak, itzuli arren bueltatu ez direnak, bidea aberri bihurtu dutenak.
Deserriari ertz guztietatik begiratzen dio Eñaut Elorrietak. Horretarako, bereaz gain, hainbat idazle eta poetaren lumaz baliatu da. Haietariko batzuek euren azalean bizi izan dute deserri politikoa (Joseba Sarrionandiak edo Joan Oliverrek, kasu); beste batzuek deserri poetikoari idatzi diote (Mario Benedetti, Harkaitz Cano, Bernardo Atxaga…). Gai soziala bezain intimoa den deserria berea egin du Eñaut Elorrietak, hitzekin eta musikarekin lur zati bizigarri bat zedarritu na hian.
Zuzeneko emanaldiak ere diskoa bezain zainduak eta bereziak izango dira, soilean basatiak. Norbere baitako kartografietan bidaiatzera gonbidatuko dute entzulea, gogoeta eraginez norbere aberriaz eta atzerriaz, norbere emozioen geografiaz.