Euskal Hiztegiaren bigarren argitaraldi honetan, 1996ko lehen edizioaren testua berridatzi egin du
egileak, Euskaltzaindiaren arauetara, eta bereziki 2000 urteko Hiztegi Batura, egokitzeko. Bestalde,
egokitze lan horren ondorioz bigarren argitaraldi honek 2500 bat sarrera berri ditu, Hiztegi
Batuan bai eta Euskal Hiztegian ez zeuden hitzei dagozkienak.
Hori da Euskal Hiztegiaren bigarren argitaraldi honen bereizgarri nagusia lehen edizioarekiko.
Gainerakoan, atxiki egin ditu egileak bai sarreren eta azpisarreren egituraketa, eta orobat definizioak
eta adibideak, ukitu gutxi eta txiki batzuk gorabehera, aldaketa bat izan ezik sarreren itxuran:
lehen edizioan ez bezala, bigarren argitaraldi honetan, adiera bakoitzak paragrafo bat osatzen
du, hots, adiera bakoitzak beste paragrafo bat hasten du. “Bistaratze” horrekin errazago aurkituko
du irakurleak bilatzen ari dena.
Ibon Sarasola Errazkin idazlea eta lexikografoa da (Donostia, 1946).
Lur argitaletxearen sortzaile eta bultzatzailea izan zen (1969-1973), Literaturari
buruzko lanak (Euskal Literaturaren historia, 1971, Lur), poesi
lanak (Poemagintza, 1969, Lur), narrazio bat (Jon eta Ane zigarro bat
erretzen, 1977, Ustela saila), saiakerak (Euskara batuaren ajeak, 1997,
Alberdania) eta itzulpenak egin ditu, besteak beste. Lexikografian ere lan
garrantzitsuak ditu: bere Euskal Hiztegia lantzeaz gain (1996, Kutxa)
Euskaltzaindiaren Orotariko Euskal hiztegia obra erraldoiaren arduraduna
da Koldo Mitxelena hil zenetik. Euskaltzain osoa da (1988).