|
Azalpena
1993an argitaratu zen UZEIren Informatika hiztegia. Kanpoko lankide askoren ekarpenekin egindako lan hark, une hartan garatzen ari zen alor berri bat jorratu zuen. Argitalpen hura zaharkitu eta agortu denez, beste hiztegi berri bat prestatzea erabaki dugu.
Berrikuntza asko gertatu dira ordutik hona Informatikaren arloan: Euskarara itzuli dira Windows sistema eragilearen bertsio batzuk, Office 2000, etab. Interneten boom-ak harrapatu gaitu eta Explorer eta Netscape ere euskaratu dira. Urte gutxi hauetan egunerokotasunez erabiltzen dira posta elektronikoko mezuak, posta-zerrendak, Interneteko bilatzaileak... Beraz, beharrezkoa zen garai bateko Informatika hiztegia gaurkotzea eta osatzea. Berritua eta eguneratua - Garai hartako zenbait termino berrikusi dira, eta forma aldetik gaurko arau eta ohituretara egokitu dira. Adibidez, ordenadore -> ordenagailu, buzoi -> postontzi, etab. - Interneteko hainbat kontzeptu ere gehitu zaizkio hiztegiari. Ondorengo arloak landu dira horretarako: - nabigazioa - merkataritza elektronikoa - posta elektronikoa, posta-zerrendak eta berri-taldeak - segurtasuna - telekomunikazioa, formatuak - txatak eta konferentziak - antolamendua eta erakundeak - fitxategi-transferentzia - Hiztegiak 2.310 kontzeptu biltzen ditu, gehienak lehengo Informatika hiztegikoak dira eta 250 inguru, Interneti buruzkoak. - Lau hizkuntzatan ematen dira baliokideak: euskaraz (eu), gaztelaniaz (es), frantsesez (fr) eta ingelesez (en). Hiztegi teknikoen beste arlo gehienetan gertatu ohi den bezala, euskara da termino gehien dauzkana (3.045). Sinonimiaren ugaritasun horrek erakusten du nolabait, euskara dela normalizazio-maila apalena duena. Ondorioa Badakigu Informatikaren mundua egunetik egunera berritzen eta eboluzionatzen ari dela. Garai bateko fitxa zulatuak zaharkituta geratu diren bezala, etengabe ari dira termino batzuk erabileratik kanpo geratzen eta beste asko eta asko egunero sortzen. Horregatik, hiztegi berri hau ere ez dugu pentsatzen behin betikoa izango denik. Baina, gure ustez, baliagarria izango da Informatikako gaiez idatzi edo mintzatu nahi duen euskaldunarentzat. |
||