Horra Xabinaitor, super-heroi euskalduna, poxpolin bat larrialdian sumatuz gero hura salbatzera joko duena, kosta ahala kosta. Xabinaitor ez da beti horrelakoa izan ordea. Orain dela zenbait denbora, H doktore jaun homeopataren kontsultara azaldu zen, euskal gauzekiko gorroto existentzial bat zeukala eta; horrez gainera, aspaldian ez erekziorik, ez eiakulaziorik ez duela izan jakingo dugu. Bere historia sexual penagarrian sakontzeko, haurtzaroko oroitzapenetara joko du, eta horrela ikasiko dugu jaiotzean Sabino jarri ziotela izena, aita jelkide sutsua zelako; berari, ordea, lotsa ematen zion izenak eta Xabi bihurtu zen institutuan, disimulatzeko, eta, ahal bazen, berari benetan gustatzen zitzaizkion neskatxa jarraitxuekin ligatzeko.
Xabiren bizitza tristearen eta sendatze harrigarriaren xehetasunekin batera, abentura honetako bigarren protagonista ezagutuko dugu: Kariñe. Kariñe ere nazka-nazka eginda dago euskal monotemaz, bere koadrila supertradizionalaz, bere senargai larrujotzaile atletikoaz... Poesia gehiago nahi luke bere bizitzan, emozio egiazko bat, baina ez daki nola.
Komiki-liburu bat idatzi eta marraztu du Patxi Gallegok. Euskaraz. Eta ez haurrentzat. Urte askoan ikusi ez den gauza eta, horregatik besterik ez balitz ere, aipamena mereziko lukeena. Horrez gainera, baina, lan guztiz dibertigarri, original eta kalitate handikoa osatu du. Komiki hutsa da atal batzuetan, eta irudiz hornituriko narrazio-testua besteetan. Nobela grafiko bat, nolabait esanda, hainbat topikori barre egiten diena, eta aldi berean gure ohitura asko zalantzan jarri.
PATXI GALLEGO PALACIOS
Patxi Gallego Palacios. Errenteiya, 1973-IV-10. Arte Ederretan lizentziatua, eta DBH-ko irakasle izateaz gain (jakin dezatela bere ikasleen gurasoek noren eskuetan dagoen beraien semeen hezkuntza), noizean behin eleberri grafikoak egiten ditu (nolabait deitzearren). Pololoen trilogia osatzen duen hirugarren honetan (azkenengoa izan dadila, mesedez), bizitza eta heriotzari buruz hitzegiteaz aparte, argi uzten digu belaunaldi jakin bateko zenbait euskaldunen trauma psikologiko eta sexualak gainditzeko Eusko Jaurlaritzako gobernu aldaketa baino zerbait gehiago beharko dala. Besteak beste…