Pololoak II, Poxpoliñaren bahiketa
PATXI GALLEGO PALACIOS
Informazio orokorra
Biografia
Bibliografia
Pololoak I, poxpoliñen lurriña izan zen Xabinaitor superheroiaren estreinaldia, Patxi Gallego euskal irakurleen artean ezagutzera eman zuen obra. Egundoko arrakasta izan zuen liburu hark, eta are azpimarragarriagoa da hori, kontuan harturik tradizio eta jarraitzaile gutxiko alorra dela komikigintza gure artean. Harrera bero haren berri izan aurretik ere, liburu hartan bertan iragartzen zuen Gallegok Xabinaitorren abenturek jarraipena izango zutela, eta horren froga dugu orain esku artean.
Pololoak (bi erronbo), poxpoliñaren bahiketak marrazkiaren nahiz istorioaren maisu bat erakusten digu, umorea, pikardia, ziria eta narrazioaren erritmoa primeran menderatzen dituena. Aurreko liburuan agertuak zituen neurri batean dohain horiek, baina oraingoan biribildu egin dituela esan liteke.
Aurreko liburuaren aldean testu hutsezko pasarteak gutxitu egin dira, ia dena baita marrazki biñetaduna; luzeran ere, 160 orritik 200era pasatu da, istorioa osatzeko behar zituenak. Edukiaren aldetik, berriz, esan liteke erretratu soziala (aurreko liburuan hainbeste zuku atera ziona) gutxiago agertzen dela, eta protagonismoa maitasun-istorioak hartzen duela: sedukzio-jokoa, gizon-emakumeen arteko harreman eta botere-borrokak... Horrekin batera, sexua, lehen partean dagoeneko toki berezia baldin bazeukan, are nabarmenago agertzen zaigu hemen, batzuen alaigarri eta besteen izugarri...
Guardia zibilaren jazarpena, euskal mitologiaren agerpena, Xabinaitorrek superbotereak nola eskuratu zituen kontatzea, euskal hiri eta mendialde zenbait erakustea, pertsonaia ezagun eta ezezagunen erretratuak... Asko dira liburu honek bere baitan gordetzen dituen altxorrak eta bitxiak. Deskubritu itzazu zuk zeuk.
PATXI GALLEGO PALACIOS
Patxi Gallego Palacios. Errenteiya, 1973-IV-10. Arte Ederretan lizentziatua, eta DBH-ko irakasle izateaz gain (jakin dezatela bere ikasleen gurasoek noren eskuetan dagoen beraien semeen hezkuntza), noizean behin eleberri grafikoak egiten ditu (nolabait deitzearren). Pololoen trilogia osatzen duen hirugarren honetan (azkenengoa izan dadila, mesedez), bizitza eta heriotzari buruz hitzegiteaz aparte, argi uzten digu belaunaldi jakin bateko zenbait euskaldunen trauma psikologiko eta sexualak gainditzeko Eusko Jaurlaritzako gobernu aldaketa baino zerbait gehiago beharko dala. Besteak beste…