TXOMIN ARTOLA
(Hondarribia-Gipuzkoa, 1948) Euskal Herriko kantugintzan funtsezko izena da Txomin Artola. Ikertzaile nekaezina, euskal kantu tradizionalak bere sorkuntzazkoekin tartekatu ditu, eta jakin du, halaber, gaurko eta atzoko poeten hitzei musika ezin egokiagoa uztartzen (Bordari, Wilt Whitman, Gotzon Aleman, Joxerra Garzia). Bere ahotsa gozoa da, lasaia, modulazio leuna onartzen duena, eta haren musika gitarra jokoetan oinarritua izan da, beti ere hausketarik eta estridentziarik gabeko giroa osatuz.
AMAIA ZUBIRIA
Donostiako Zubietan jaioa 1947an. Haizea taldearekin egin zen ezagun, 1977an. Bere ahotsa liluragarria da, adierazkorra, sentikorra, mundu mailan ezagunak egin diren ahotsik ederrenen parekoa. Hiru disko atera zituen Txomin Artolarekin, beste hiru Pascal Gaignerekin, eta beste hamairu bakarka. Lanik garrantzitsuenetakoa Haatik diskoa da, 2002koa, bertan jaso baitzuen aro ezberdinetako bere ibilbidea, abesti zaharrak berrinterpretatuz eta zazpi abesti berri eskainiz. Ateratako azken diskoa Nabil.