Arrasateko AED Elkarteak eta Elkar argitaletxeak, Kutxa Fundazioaren laguntzarekin, Jokin Zaitegi arrasatear idazlea gogoratzeko eta hark literatura unibertsala euskaratzen egindako ahaleginari jarraitzeko, XXV. Jokin Zaitegi Sariketa antolatzen dute, aurtengo Literaturako Nobel saridunaren lana itzultzeko erabiliko dena, ondorengo oinarrien arabera:
1. 2011n Suediako Akademiak Tomas Tranströmer idazle suediarrari eman dio Literaturako Nobel Saria, eta Jokin Zaitegi Sariketa honen helburua Tranströmer-en poemen bilduma itzularaztea da.
2. Liburu hori itzultzeko gogoa eta gaitasuna dituen edonork har dezake parte lehiaketa honetan. Horretarako, antolatzaileek proposatutako poema euskaratu beharko du, eta egindako lana AED Elkartera bidali: aed@aedelkartea.com helbidera, 2011ko abenduaren 31 baino lehen. Dokumentu bi igorri behar dira mezuaren barruan: batean, itzulpena bera aurkeztuko da, ezizen batekin; bestean, ezizen horren ostean dagoen egilea nor den azalduko da, harremanetan jartzeko moduarekin batera.
3. Itzuli beharreko poema antolatzaileek jarriko dute partehartzaileen esku, bai jatorrizko bertsioan, baita ondoko hizkuntzetan ere: ingelesa, frantsesa, gaztelania. Itzultzaileei eskatzen zaie zein hizkuntzatatik ariko diren adierazteko, eta jatorrizkoa menderatzen ez dutenei gutxienez bi zubi-hizkuntza erabiltzeko gomendatzen. Testuak Internet bidez lor litezke, ondoko helbide honetan:
www.elkarargitaletxea.com/jokinzaitegi
4. Luigi Anselmik, Santi Leonek eta Joseba Ossak osatutako epaimahaiak, jasotako itzulpenak aztertu eta haietako bat izendatuko du irabazle 2012ko urtarrilaren amaiera baino lehen.
5. Aurkeztutako lanek aski kalitaterik ez balute, saria hutsik utzi ahalko da. Kasu horretan, antolatzaileek aukera izango lukete itzulpen hori enkarguz norbaiti eskatzeko, bekako diru-kopuruaren truke.
6. Bekaren irabazleak suediera menderatuko ez balu, antolatzaileek suediera eta euskara menderatzen dituen aholkulari bat ipiniko diote, laguntzeko
7. Irabazleak 5.000 euroko saria irabaziko du Tranströmer-en poemak itzultzeko: diru erdia jakinarazpena egitean jasoko du, eta beste erdia lan amaitua entregatu ostean. Lan amaitua 2012ko urriaren 30a baino lehen entregatu beharko du Elkar argitaletxean. Epeak beteko ez balira, edo itzulpenaren kalitatea nabarmen txarra balitz (epaimahaiaren iritziz betiere), sariaren bigarren zatia jaso ez eta lehena itzuli egin beharko luke irabazleak.
8. Elkar etxeak –eskubideak aurrez eskuratuta– argitaratuko ditu Tranströmer-en poemak euskaraz, eta 2012ko Durangoko Azoka izango da hori egiteko epemuga. Ale guztietan nabarmen aipatuko da Jokin Zaitegi saria, baita itzultzailearen izena ere, zeinak ez baitu galduko bere lanaren gaineko jabetza. Antolatzaileez gain, Kutxa babesleak ere dagokion tokia izango du edizioan.
9. Sariketa honetan parte hartzeak bertako oinarriak ontzat ematea dakar. Berauen ulermenean zalantzarik sortuko balitz, antolatzaileei dagokie erabakitzea.
Harremanetarako:
liburuak@elkar.com 943310267
aed@aedelkartea.com 943771228
Ondoren eransten dizugu azken urteetako Nobel eta Zaitegi sarietako irabazleen zerrenda, baita aurten partehartzaileek itzuli beharreko lagina ere.
2002 Imre Kertesz: Zoririk ez Itzultzailea: Urtzi Urrutikoetxea
2003 J.M. Coetzee: Lotsaizuna Itzultzailea: Oskar Arana
2004 Elfriede Jelinek
Itzulpen saria hutsik utzi zen
2005 Harold Pinter: Maitalea eta beste antzerki-lan batzuk Itzultzailea: Iñigo Errasti
2006 Orhan Pamuk: Elurra Itzultzailea: Monika Etxebarria / Fernando Rey
2007 Doris Lessing: Belarra kantari Itzultzailea Koro Navarro
2008 J.M.G. Le Clézio: Basamortua Itzultzailea Luis Berrizbeitia
2009 Herta Müller: Hatsaren kulunka Itzultzailea: Ibon Uribarri
2010 Mario Vargas Llosa: Pantaleon eta bisitariak Itzultzailea: Santi Leone (argitaratzeke)
Hemen itzuli beharreko pasarteak hainbat hizkuntzatan
|